XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ni ikustean, Soleimanek bere konjura egin zion Allahi eta bere erlijioa besarkatzeko eta bere menpekotasunean neure burua jartzeko agindu zidan.

Baina nik uko egin nion.

Orduan pitxer hori ekartzeko agindu, bertan ni atxilotu eta berunez zigilatu zuen, Gorenaren izena inprimatuz.

Gero efrit zintzoei ni lepoan eramateko eta itsaso erdian ni jaurtikitzeko agindu zien.

Ehun urtez egon nintzen itsas-hondarrean eta inork ez ninduen askatu.

Ondoko beste ehun urteetan neure buruari esaten nion: Nire askatzailea aurkitu eta emango dizkiot lurreko altxorrak.

Baina inork ez ninduen askatu.

Eta laurehun urte iragan ziren, eta esan nion neure buruari: Neure askatzaileari hiru gauza emango dizkiot.

Eta inork ez ninduen askatu.

Orduan, izugarrikiro koleratuta, neure arimaren arimaz esan nuen: Neure askatzailea hil egingo dut, baina lehen aukeratzen utziko diot nahiago duen heriotz-moeta.

Orduan zu, o arrantzale hori!, etorri zintzaizkidan askatzera, eta horregatik heriotz-moeta aukeratzen utziko dizut.

Arrantzaleak, efritaren hitz hauek entzutean, esan zuen: Hala Allah parada harrigarria dela! Eta nik izan behar nuen askatuko zintuena! Barka nazazu, efrit horrek, Allahek sariztatuko zaituela!.

Aldiz, hiltzen banauzu, hilko zaituena bilatuko du.

Orduan efritak esan zuen: Baina zu hil nahi baldin badut da, hain zuzen, askatu nauzulako!.

Eta arrantzaleak erantzun zion: O efriten jeke hori, horrela al da nola bihurtzen duzun gaizkia ongi truk! Ez dabil atsotitza okerturik, ez!.

Eta honako neurtitz hauek errezitatu zituen: Nahi al duzu gauzen mingostasuna dastatu? Zaitez zintzo eta lagunkorra! Gaiztoek ez dute eskertasuna ezagutzen!.

Egizu froga, nahi baduzu, eta zure zortea izango da Magir gizajoarena, Amaren amarena.